2013ko EUROPAKO TALDEKAKO XAKE TXAPELKETAK.

(2013ko urriaren 20tik 26ra, Greziako Rodas hirian).

 

 

 

EUROPAKO TALDEKAKO XXIX. XAKE TXAPELKETA IREKIA.

 

 

 

         TXEKIAKO G-TEAM NOVY BOR, TALDE TXAPELDUNA: FABORITOEN AURKA KIKILDU GABE.

 

1)      David Navara (Txekia) (2.703): 7 partidatan 4’5 puntu (% 64’29).

2)      Radoslaw Wojtaszek (Polonia) (2.698): 6 partidatan 5 puntu (% 83’33).

3)      Viktor Laznicka (Txekia) (2.666): 7 partidatan 5’5 puntu (% 78’57).

4)      Krishnan Sasikiran (India) (2.662): 7 partidatan 5 puntu (% 71’43).

5)      Zbynek Hracek (Txekia) (2.636): 6 partidatan 3’5 puntu (% 58’33).

6)      Mateusz Bartel (Polonia) (2.638): 7 partidatan 3’5 puntu (% 50).

7)      Robert Cvek (Txekia) (2.517): 2 partidatan 1’5 puntu (% 75).

 

Tade txekiar hau txapelketako ustekabea izan zen. Bosgarren zerrendaburua izanik, ongi kokatuta zegoen ranking-ean, baina ez zen espero talde indartsuagoen aurretik geratzea.

 

Hirugarren txandan hasi zen bere ahalmena nabarmentzen: Errusiako PGMB-Rostov seigarren zerrendaburua 2-4 azpiratu zuen. Baadur Jobava, Ivan Cheparinov eta Sergei Zhigalko zeuden talde horretan, besteen artean.

 

Bigarren zerrendaburua Malachite talde errusiarra zen, izarrez beteta. 3-3 berdintzea emaitza bikaina izan zen G-Team Novy-rentzat, laugarren txandan.

 

            Seigarrenean are talde beldurgarriago izan zuen aurrean: SOCAR aurreko txapelduna eta lehenengo zerrendaburua. 3’5-2’5 irabazi zuen ustekabean G-Team Novy Bor taldeak eta titulua esku-eskura utzi zuen. Lehenengo hiru mahaietan bikain aritu ziren David Navara, Radoslaw Wojtaszek eta Viktor Laznicka, Fabiano Caruana, Veselin Topalov eta Gata Kamsky gainditu baitzituzten, hurrenez hurren. Krishnan Sasikiranek Shakhriyar Mamedyaroven aurka lorturiko berdinketak emaitza biribildu zuen.

 

            Minsk talde bielorrusiarra errazagoa zirudien azkeneko txandan eta hala izan zen. 1’5-4’5eko garaipenak Europako lehenengo titulua eman zion talde txekiarrari. Viktor Laznicka, Krishnan Sasikiran eta Zbynek Hracek izan ziren euren partida irabazi zutenak.

 

            Jokalarien emaitzak aztertuta, lehenengo lau mahaietan arrakasta mamitu zela ohar daiteke. Nabara, Wojtaszek, Laznicka eta Sasikiran xakelarien txapelketa izan zen.

 

         ERRUSIAKO MALACHITE, TALDE TXAPELDUNORDEA: HUTS ZAPOREKO BERDINKETEK KALTETUA.

 

1)      Alexander Grischuk (Errusia) (2.786): 6 partidatan 5 puntu (% 83’33).

2)      Sergey Karjakin (Errusia) (2.762): 5 partidatan 4 puntu (% 80).

3)      Alexander Morozevich (Errusia) (2.734): 5 partidatan 3 puntu (% 60).

4)      Alexei Shirov (Letonia) (2.685): 5 partidatan 4’5 puntu (% 90).

5)      Vladimir Malakhov (Errusia) (2.689): 6 partidatan 5 puntu (% 83’33).

6)      Alexander Riazantsev (Errusia) (2.697): 5 partidatan 3 puntu (% 60).

7)      Alexander Motylev (Errusia) (2.676): 5 partidatan 4 puntu (% 80).

8)      Viktor Bologan (Moldavia) (2.670): 5 partidatan 3’5 puntu (% 70).

 

Malachite taldea bigarren zerrendaburua zen eta SOCAR indartsuaren arerio nagusia izateko deituta zegoen. Izenak ikusita, izugarrizko taldea osatua zuen. Sailkapenean SOCAR gainditu ere egin zuen. Hala ere, talde txapeldun txekiarraren atzetik geratu zen, ezinean.

 

            Jutes of Kent talde ingelesa, Nordea Skanderborg talde danimarkarra eta Thammer-Shakki finlandiarra zapaldu zituen lehenengo hiru txandetan: 0-6, 6-0 eta 0-6.

 

            Laugarren txandan neurketa garrantzitsua jokatu zuen G-Team Novy Bor taldearen aurka. Alexander Grischuk David Navarari nagusitu zitzaion eta Alexei Shirov Krishnan Sasikirani, baina Viktor Laznickak eta Mateusz Bartelek talde txekiarra salbatu zuten, Alexander Morozevich eta Alexander Riazantsev garaituta.

 

            Bosgarren txanda erabakigarria izan zen. Odlar Yurdu zortzigarren zerrendaburua gainditu ezinik geratu zen Malachite: 3-3. Azerbaijango talde horrek erresistentzia handia jarri zuen eta partida guztietan berdinketa eskuratu zuen.

 

            Huts hori garesti ordaindu zuen. S. F. Wirtzfeld belgikarra eta PGMB-Rostob errusiarra 4-2 eta 2-4 garaitzea alferrik izan zen, tituluari begira. Talde txekiarraren atzetik geratu zen

 

            Jokalarien zenbakiak oso onak izan ziren. Alexander Morozevich eta Alexander Riazantsev apalenak izan ziren. Hain zuzen, partida garrantzitsuak galdu zituztenak liderraren aurka.

 

         AZERBAIJANGO SOCAR, HIRUGARREN SAILKATUTAKO TALDEA: G-TEAM NOVY BOR TALDEAREN KOLPEA JASAN ZUEN.

 

1)      Fabiano Caruana (Italia) (2.779): 6 partidatan 2’5 puntu (% 41’67).

2)      Teimour Radjabov (Azerbaijan) (2.723): 4 partidatan 2 puntu (% 50).

3)      Veselin Topalov (Bulgaria) (2.771): 6 partidatan 4’5 puntu (% 75).

4)      Gata Kamsky (Estatu Batuak) (2.725): 7 partidatan 4’5 puntu (% 64’29).

5)      Shakhriyar Mamedyarov (Azerbaijan) (2.759): 5 partidatan 4 puntu (% 80).

6)      Hao Wang (Txina) (2.733): 6 partidatan 4’5 puntu (% 75).

7)      Anish Giri (Herbehereak) (2.749): 6 partidatan 5 puntu (% 83’33).

8)      Eltaj Safarli (Azerbaijan) (2.651): 2 partidatan 2 puntu (% 100).

 

SOCAR faborito nagusiak oso ongi hasi zuen txapelketa. Lehenengo bost txandetan 10 puntu pilatu zituen, aurkari guztiak menderatuta: Oslo Schakselskap norvegiarra (5’5-0’5), Limhamns SK suediarra (0’5-5’5), O. R. Padova italiarra (4’5-1’5), Clichy Echecs 92 frantziarra (2-4) eta Ugra talde errusiar arriskutsua (4-2).

 

Paseoa azkenaurreko txandan amaitu zen. G-Team Novy Bor txekiarrak hegoak moztu zizkion: 3’5-2’5.

 

Astindu horren ondoren, Saint-Petersburg hirugarren zerrendaburua egokitu zitzaion eta ezin bururik altxa: 3-3 (partida guztiak berdinean geratu ziren).

 

SOCAR taldeak ez zuen bere arerio nagusia (Malachite) aurrez aurre ikusi eta biak podiumeko koxka gorenetik kanpo geratu ziren.

 

            Fabiano Caruana eta Teimour Radjabov ez ziren distiratsu ibili lehenengo bi mahaietan eta puntu garrantsitsuek ihes egin zieten.

 

         CLICHY ECHECS 92-REN ARRAKASTA ETA SAINT-PETERSBURG ETA UGRA TALDEEN PORROTA.

 

            Saint-Petersburg eta Ugra talde errusiarrak ez ziren gaizki ibili, nahiz eta podiumetik kanpo geratu: Bosgarren eta seigarren. Hala ere, titulurako borrokarako hautagaiak zirenez, porrotaz defini daiteke beren jarduna. Hirugarren eta laugarren zerrendaburuak ziren.

 

            Saint-Petersburg taldeak jokalari indartsu hauek izan zituen: Peter Svidler, Leinier Dominguez Perez, Nikita Vitiugov, Sergei Movsesian, Maxim Matlakov, Zahar Efimenko, Vadim Zvjaginsev eta Ildar Khairullin.

 

            Ugra taldeak jokalari hauek bildu zituen: Dmitry Jakovenko, Peter Leko, Anton Korobov, Sergei Rublevsky, Aleksey Dreev, Denis Khismatullin, Nikolai Kabanov eta Aleksei Pridorozhni.

 

            Cichy Echecs 92 talde frantziarra bederatzigarren zerrendaburua zen eta ustekabekoa eman zuen laugarren postua eskuratuta. Maxime Vachier-Lagrave eta Richard Rapport ziren bere figurak.

 

 

 

EMAKUMEZKOEN EUROPAKO TALDEKAKO XVIII. XAKE TXAPELKETA.

 

 

 

         MONAKOKO MONTE-CARLOKO CERCLE D’ECHECS, TALDE TXAPELDUNA: NEURKETA GUZTIAK IRABAZITA.

 

1)      Yifan Hou (Txina) (2.621): 6 partidatan 5 puntu (% 83’33).

2)      Humpy Koneru (India) (2.607): 7 partidatan 6 puntu (% 85’71).

3)      Anna Muzychuk (Eslovenia) (2.560): 6 partidatan 5 puntu (% 83’33).

4)      Pia Cramling (Suedia) (2.515): 6 partidatan 5 puntu (% 83’33).

5)      Almira Skripchenko (Frantzia) (2.441): 3 partidatan 2’5 puntu (% 83’33).

 

Iazko jokalari berberak aritu ziren Monakoko talderako lanean. Orduko nagusitasuna berretsi ezezik, areagotu ere egin zuten. Bikain aritu ziren bost jokalariak, maila handian eta emaitza paregabeekin. Anna Muychuk izan zen partida bat galdu zuen bakarra (bost garaipenekin gozatu zuen hori). Monte-Carloko Cercle D’Echecs talde mitiko bihurtu da Europan. Bost aldiz txapeldun azkeneko 7 edizioetan, palmareseko buru jarri da puxka baterako eta mitoa gizen dezakeela dirudi.

 

            Hala ere, Errusiako SHSM Nashe Nasledie eta Armeniako Mika Chess Club taldeek ez zioten erraz jarri. Hirugarren eta laugarren sailkatu ziren gero. Errumaniako CS Politechnica-Antibiotice Iasi taldea ere ozta-ozta gainditu zuen Cercle D’Echecs-ek. Hiru talde horiek 1’5-2’5, 1’5-2’5 eta 2’5-1’5 galdu zuten txapeldunaren aurka.

 

            Gainontzeko taldeak 4-0 zapaldu zituen Monakoko taldeak. Baita Ugra bigarren sailkatutako talde errusiarra ere.

 

         ERRUSIAKO  UGRA, TALDE TXAPELDUNORDEA: BIGARREN, BETI OZTA-OZTA IBILITA ERE.

 

1)      Anna Ushenina (Ukrania) (2.497): 6 partidatan 2’5 puntu (% 41’67).

2)      Natalija Pogonina (Errusia) (2.485): 6 partidatan 4 puntu (% 66’67).

3)      Baira Kovanova (Errusia) (2.396): 5 partidatan 2’5 puntu (% 50).

4)      Marina Romanko (Errusia) (2.359): 5 partidatan 3 puntu (% 60).

5)      Tatiana Shadrina (Errusia) (2.364): 4 partidatan 2 puntu (% 50).

 

2013ko irailaren 20an utzi zion emakumezkoen munduko txapelduna izateari Anna Usheninak, Yifan Houren aurrean. 2012ko abenduaren 1ean koroa jasoa zuen, Antoaneta Stefanova bulgariarra gaindituta.

 

Urrian beste konpromiso bat izan zuen. Ez zen modu harrigarrian aritu (puntuen % 50a ere ez zuen lortu), baina lagundu egin zion bere taldeari. Ugra bosgarren zerrendaburua zen eta azkenean zilarrezko domina kolkoratu zuen.

 

            Ugrako jokalarien zenbakiak ez ziren ikusgarriak izan, baina ederki banatu zituzten neurketetan.

 

            Bigarren txandan CS Politechnica-Antibiotice talde errumaniarra egokitu zitzaion. Kateryna Lahno, Viktorija Cmilyte, Irina Bulmaga eta Alina L’ami aurrez aurre. 1’5-2’5 irabazi zuen Ugrak.

 

            Hirugarren txandan garbi geratu zen titulurako hautagaia ez zela: 4-0 galdu zuen Monte-Carloko Cercle D’Echecs-en aurka.

 

            Laugarren eta bosgarren txandetan bigarren postua eskuratzeko neurketa erabakigarriak jokatu zituen: 3-1 irabazi zion Mika Chess Club talde armeniarrari eta 2-2 egin zuen Errusiako SHSM Nashe Nasledie taldearen aurka. Natalija Pogoninak Valentina Guninari irabazitako partidak Ugrari bigarren postua eman ziola erran daiteke.

 

            Ozta-ozta eutsi zion bigarren postuari: Jelica PEP talde serbiarrari 1’5-2’5 irabazita eta Serbiakoa ere den Chess Club BAS taldearekin 2-2 berdinduta.

 

            Natalija Pogonina izan zen Ugrako jokalarIrik onena.

 

         ERRUSIAKO  SHSM NASHE NASLEDIE, HIRUGARREN SAILKATUTAKO TALDEA: PORROT BAKARRA, BAINA GARAIPEN GUTXI.

 

1)      Alexandra Kosteniuk (Errusia) (2.495): 5 partidatan 3 puntu (% 60).

2)      Valentina Gunina (Errusia) (2.506): 6 partidatan 2’5 puntu (% 41’67).

3)      Ekaterina Kovalevskaya (Errusia) (2.410): 6 partidatan 4’5 puntu (% 75).

4)      Olga Girya (Errusia) (2.439): 7 partidatan 5 puntu (% 71’43).

5)      Anastasia Savina (Errusia) (2.403): 3 partidatan 3 puntu (% 100).

 

Bigarren zerrendaburua zen, baina hirugarren postuan geratu zen, Ugraren atzetik, nahiz eta beren jokalariek zenbaki hobeak egin.

 

            Jelica PEP talde serbiarrarekin berdinduta hasi zuen txapelketa (2-2). Laugarren, bosgarren eta seigarren txandetan bere aukerak zapuzten joan zen: 1’5-2’5 galdu Monte-Carloko Cercle D’Echecs-en aurrean eta 2-2 berdindu Ugra eta CS Politechnica-Antibiotice Iasi taldeekin.

 

            Horrela, ozta-ozta bereganatu zuen brontzezko domina, Mika talde armeniarrarekin puntuz berdinduta.

 

            Valentina Gunina izan zen okerren ibilitako xakelaria, % 41’67rekin.

 

            2013-10-26.

 

                Iturria: “http://chess-results.com/tnr110527.aspx?lan=1&art=0&rd=7&turdet=YES&flag=30&wi=984webgunea.